kantagintza
Gure kulturaren transmisioa bermatzeko ditugun baliabide ugarien artean (ipuinak, mitoak, asmakizunak, atsotitzak, ...) KANTUA ezinbertzeko tresnatzat daukagu bere baitan elkartzen direlakoz, tradizioa, gozatzea, sormena, memoria, hizkuntza, harremana...
Egungo gizartean transmisio‑era asko dauzkagu: liburuak, egunkariak, diskoak, CD-ak, irratia, telebista, ahozkoa, internet, mp3a, ... Guk orain arte jaso izan dugun ondarea ahozko transmisioari esker izan da; hiztegi, gramatika edota datu‑basetan baino hobeki hor gordetzen baitira. Ahozko transmisioa etxeko giroan (sehaska-kantak, jolas‑kantak, e.a.), zenbait lanetan (jostunek adibidez) aisialdian eta atseden‑tartetan egin ohi zuten baina gaur egun tarte horiek bertze gisan (telebista ikusten, ordenagailu aurrean, dendetan, ostatuetan ...) betetzen ditugunez, ahozkotasuna erabat ahuldua dugu. Kantuak bere funtzio soziala zuen: ezkontzetan adibidez, Gabonetan, jaietan, eta elizetan ere bai. Diskoek eta musika digitalak gero eta toki gehiago betetzen du egunetik egunera. Hala eta guztiz ere, garaian garaikoa bizi behar denez eta hala egin nahi dugunez, garai digital honek bere alde onak ere baditu:
- Kantu‑bilketa ezin osoagoa bermatzen du (erak, ñabardurak, adierazpenak eta ahozkotik kanpo daudenak ere bai: mimika, keinuak).
- Jendearekin harremanak errazagoak eta azkarragoak bihurtu ditu (baita hotzagoak ere, zaindu ezean)
- Ondarea osotu eta konpartitzea erraza da mundu osoan gure berri badute, edozeinen eskura gaude txikiak izanagatik ere
Hortaz, Euskal Kantuzale Elkartean ahozko transmisioa suspertzeko ahaleginak egiten ari gara, era moderno digitalak eskura jarri dizkigun abantaila eta bide guztiak erabiliz.











