Harremanetarako | Iradokizunak | Egin zaitez bazkide

Kantagintza

Kantuak euskal kultura osatze‑prozesuan izan duen garrantzia argi dago aspaldidanik . XIX. mendearen amaiera aldera, euskal kontzientzia berpiztearekin batera, D’Abbadiek eta beste adiskide andana batek LORE JOKOAK antolatu zituzten mugaren bi aldeetako herrietan.

 Kanta horietako batzuek, Azkuek edo Aita Donostiak XX. mendearen hasieran kantu‑bildumetan argitara emanak, aberastasun musikal, poetiko eta antropologiko handia erakusten digute. XX. mendearen laugarren eta bosgarren hamarkadetan, ordea, euskal kulturarendako negu beltzak kantuaren bizitza izoztu egin zuen. Euskal Herriko kale, plaza eta baita etxeetatik ere, kantuaren ohitura desagertze bidean jarri zen.

Egoera horrek iraun izan balu, azkeneko familia‑guneak nahiz barne-barneko txokoak oso denbora laburrean agortuko ziratekeen modaren eta abangoardiako estiloen mesedetan, gureak baino hedatuagoak diren hizkuntza eta komunikabideak lagun.

Ez Dok Amairuk, 1960ko hamarkadan abiatu zen taldeak, geldiarazi zuen galbidera ginderamatzan maldan beherako inertzia eta, euskal kontzientziaren garapenarekin batera, bertako artea, musika eta kanta‑aire berriekin gaurkotu eta zabaltzeko atea ireki zuen.

1980ko hamarkadarekin batera, Euskal Kantu Txapelketak hasi eta zabaldu ziren, haur, gazte eta adineko orori berriro euskal kantuan aritzeko parada emanez. Herriz herriko elkarteek bultzatutako mugimendu honi jarraipena eman nahian, 1992an Hegoaldeko eta Iparraldeko ordezkariek EUSKAL KANTUZALEEN ELKARTEA sortzea erabaki eta legeztatzea lortu zuten.