Nafarroako Gobernuaren 2010erako Aurrekontu Orokorretan ez dute zentimo bakar bat ere sartu Haur kantari Jaialdirako. Aurten, 2009an, 10.000€ jaso dugu (6.500€ko dirulaguntza eta 320 DVD didaktikoen erosketa).
25. urteurrena ospatu behar genuen honetan Nafarroako Gobernuak, 24 urte elkarlanean aritu eta gero, eta krisiaren aitzakiaz baliatuz, ez du deialdi publikorik eginen. Ulertu behar da UPN eta PSNko (UPNri babesa ematen diotelako) politikarientzat Nafarroako Haur Kantari Jaialdiak, 600 haur baino gehiago biltzen duena, ez duela inolako interesik edo garrantzirik. Argi dago ez batzuek ezta besteek ere, ez dutela beren Nafarroa honetan egiten den euskal kultura ezagutzen, Haur Kantari baita urteko erreferentzia, ez bakarrik kantuzaleentzat, baizik eta irakasle zein ikasleentzat ere.
24 urte hauetan ez dugu akordio, kontratu edo hitzarmenik inoiz sinatu eta beti izan gara behin behineko egoera latzean. Bainan, azken kolpe honek kolokan jartzen du hainbeste urtetan Nafarroako haurren topaketa izan den ekimena. Ziur gaude Nafarroako agintariek "txikien euskal kontzertu bat" besterik ez dutela ikusten, eta ez dakigu inoiz jabetuko diren ekimen honen atzetik milaka pertsonen ilusioak, ametsak, eta batez ere lana badagoela eta haurren garapen integralarako tresna baliotsua eta interesgarria dela.
Oraindik erabakitzeke dago jaialdiaren jarraipena 2010ean, bainan ikastetxe, musika eskola, guraso, irakasle eta ikasle guztiekiko dugun errespetuagatik informazio hau eman behar genuelakoan gaude eta datozen egunotan gure berri izanen dutela adierazi nahi dugu. Gainera esan, Nafarroako Gobernutik ez dutela inolako argibiderik izanen.